2009/10/08

BEROTZEN AL DUTE BEROKIEK?

Bai galdera txotxoloa! pentsa lezake norbaitek. Eta arrazoi osoz, izan ere izenak berak erantzuten dio galderari, hots, ‘berokia’. Baina, horrela al da? Egin dezagun saiakera bat. Har ezazu termometroa, begiratu zenbat gradu markatzen duen eta segidan sartu beroki batean. Bertan zenbait orduz utzi ondoren atera eta begiratu ea zenbat markatzen duen. Lehenean al dago? Bai ezta! Beraz ez da ezertxo ere berotu. Ondorioz, berokiak ez duela berotzen esan behar dugu. Eta norbaitek berokiak hoztu egiten duela esaten badigu, zer erantzungo diogu? Egin dezagun beste saiakera bat. Har itzazu bi katilu eta izotzez bete. Inguratu bietako bat berokiarekin eta utzi bestea kanpoan. Itxaron kanpoko katiluan dagoen izotza urtu arte. Ondoren atera berokian bilduta dagoena. Zer dakusazu? Izotza urtzeke dagoela ezta! Beraz, berokiak ez du izotza berotu eta alderantzizkoa ez badaiteke esan ere, likidotzea atzeratu duela bai, esan daiteke. Orduan, berokiak hozkiak direla esan dezakegu?

Ez, ez bata ezta bestea ere. Berokiak berez ez du berotzen, hitz horrekin ‘beroa eman’ulertzen badugu bederen. Bonbilak bai, suak ere bai, gorputzak ere bai, …
Era berean eta berokiaren antzera ‘berotzen’ du elurrak lurra. Elurra oso eroale txarra da eta bere azpian dagoen lurraren beroari kanporatzeko oztopo handia jartzen dio. Toki oso hotzetan, elurpean dagoen lurraren tenperatura kanpoan dagoena baino hamar gradu beroago edo gehiago izan ohi da.Beraz, aurrerantzean irakurle, zure berokiak ondo berotzen zaituen ala ez galdetzen dizutenean hauxe erantzun behar diezu: berokiak ez nau berotzen, ni neu berotzeaz gain, berokia bera ere berotzen dut eta ez alderantziz. Amaitzeko irakurle, berokia euskaraz hitz berria denez, erabili al dezakegu ‘hozkia’ hitza janzki hori adierazteko.

2 comentarios:

  1. Berokiena(edo hozkiena)oso bitxia da.

    ResponderEliminar
  2. Kaixo! Ez nuke egia zela inoiz pentsatuko. Hau bai gauza arraroa.

    ResponderEliminar